EURI ARRISKUA IRAGARRI DUTE IGANDERAKO, GERO ETA AUKERA GEHIAGOREKIN
Abu Dhabiko erritmoari eutsi dio Hamiltonek Brasilgo irekieran
Laurentzi Garmendia 2011-11-25 - 19:03:16
Lewis Hamiltonek modu onean ekin dio Brasilgo Sari Nagusiari, gaurko FP2 saioan denborarik azkarrena markatu eta gero. Txapelketako bigarren postua jokoan dute hainbat gidarik, Hamiltonek tartean, eta guztiak oso antzeko denboran ibili dira Interlagos-eko zirkuitu laburrean. Sebastian Vettel izan da bigarrena, eta Mark Webber hirugarrena. Australiarra goizeko saioan izan da azkarrena, eta aurreko postuetan mantendu da ondorengoan. Lehen zortzi gidariak segundu erdian sartu dira.
Horixe baita Interlagosen berezitasunetako bat: denborak oso estuak izan ohi direla. Hori, eta asfaltuak dituen ondulazioak. Balaztatze guneak tortura jarraia dira auto eta gidarientzat, urtetik urtera errepikatu ohi den irudian. Autoaren gurpilak jauzi txikiak ematen ditu haien erruz eta horrek kontrola galtzeko arriskua handitzen du. Horrek hainbat pista irteera eta gurpil blokaia eragin ditu. Zorionez, larririk ez.
Sebastian Vettelek lasterketa laburra izan zuen Abu Dhabin, aspaldiko partez erretiratu beharra izan baitzuen. Horri buelta eman nahi diola adierazi du, eta urteko lorpen guztiak hor badaude ere, denboraldia garaipenarekin amaitu nahi du. Hori entzutea berri txarra da gainerako gidarientzat, baina gaur ikusitakoaren arabera, alde txikiak daude gidari gehienen artean. Jenson Button apalago aritu da bigarren saioan, zazpigarren amaituz, baina edozein kasutan bere taldekidearengandik 0,4 segundu baino gutxiagora amaitu du.
Brasilgoa azken lasterketa izan daiteke gidari bat baino gehiagorentzat, datorren urterako seguru ziruditen postu asko kolokan jarri baitira azkenaldian. Horien artean leudeke Rubens Barrichello (Williams), Pastor Maldonado (Williams), Jerome D'Ambrosio (Virgin), Vitantonio Liuzzi (HRT) eta Jaime Alguersuari (Toro Rosso). Maldonako Venezuelko PDVSA enpresaren babesa jaso du orain arte, baina enpresa publikoa izaki, parlamentuaren baimena behar du dirua emateko, eta badirudi guztiak ez daudela horrekin ados.
Alguersuarik, bestalde, ia seguru zirudien Toro Rosson eta 2013an Red Bullera jauzia emateko hautagai serioa zirudien, baina azken egunotan egoerak aldaketa jasan du, eta Jean Eric Vergne indartsu azaldu da koadroan. Daniel Ricciardok disdira galdu du HRT taldean, baina oraindik bere indarra dauka. Alguersuarik egunotan egin dituen adierazpenetan atzematen da ez duela datorren urterako ezer segururik, eta ia agur esaten zion Red Bullen egituran jarraitzeari.
Kirol arlora itzuliz, igandeko lasterketa euripean korri daitekeen aukerak gero eta handiagoak dira. Lehia ikusgarriak eskaini ditu Interlagosek azken urteetan, eta aurten titulu guztiak erabakita daudela badator ere, zirkuitua mundial guztiko onenetakoa da. Horrek ikuskizuna handituko du. Laburra da gainera, eta autoak berehala pilatuko dira bertan, auto mantsoen eragina handituz. Haiekin iaioa izan beharko du irabazle irten nahi duenak.
Pos Driver Team Time Laps 1. Lewis Hamilton McLaren-Mercedes 1m13.392s 35 2. Sebastian Vettel Red Bull-Renault 1m13.559s + 0.167 41 3. Mark Webber Red Bull-Renault 1m13.587s + 0.195 41 4. Fernando Alonso Ferrari 1m13.598s + 0.206 35 5. Michael Schumacher Mercedes 1m13.723s + 0.331 38 6. Felipe Massa Ferrari 1m13.750s + 0.358 39 7. Jenson Button McLaren-Mercedes 1m13.787s + 0.395 36 8. Nico Rosberg Mercedes 1m13.872s + 0.480 42 9. Adrian Sutil Force India-Mercedes 1m14.144s + 0.752 41 10. Paul di Resta Force India-Mercedes 1m14.807s + 1.415 48 11. Vitaly Petrov Renault 1m14.856s + 1.464 38 12. Bruno Senna Renault 1m14.931s + 1.539 37 13. Sergio Perez Sauber-Ferrari 1m14.970s + 1.578 32 14. Kamui Kobayashi Sauber-Ferrari 1m15.019s + 1.627 45 15. Sebastien Buemi Toro Rosso-Ferrari 1m15.264s + 1.872 44 16. Jaime Alguersuari Toro Rosso-Ferrari 1m15.388s + 1.996 41 17. Pastor Maldonado Williams-Cosworth 1m15.679s + 2.287 43 18. Rubens Barrichello Williams-Cosworth 1m15.903s + 2.511 40 19. Jarno Trulli Lotus-Renault 1m16.298s + 2.906 36 20. Heikki Kovalainen Lotus-Renault 1m16.338s + 2.946 48 21. Jerome D'Ambrosio Virgin-Cosworth 1m18.031s + 4.639 39 22. Timo Glock Virgin-Cosworth 1m18.051s + 4.659 45 23. Daniel Ricciardo HRT-Cosworth 1m18.367s + 4.975 42 24. Tonio Liuzzi HRT-Cosworth 1m18.476s + 5.084 42





