KUBICAREN ARAZOEK ETA 1 FORMULA GOSEA ELKARTU DIRA ERABAKIAN
Kimi Raikkonen Renaultekin ariko da 2012an
Laurentzi Garmendia 2011-11-29 - 09:01:30
Gaur goizean eman dute jakitera albistea: Kimi Raikkonen finlanidarrak datozen bi urteetarako fitxatu du Renault taldearekin. Hemendik aurrera Lotus izenez ezagutuko den taldeak Robert Kubicaren zain eman du urte osoa, baina berriki poloniarrak onartu zuen ez zegoela presta datorren urteko denboraldia hasteko. Hori kontuan hartuta, Renaultek berehala jo zuen Raikkonenengana, artean Williamsekin negoziatzen ari zela. Duela bi urte 1 Formula utzi ostean, finlandiarra goseti itzuliko omen da.
Eric Boullier-ek Brasilen adierazi zuen aste honetan emango zutela 2012rako gidarien berri, eta albistea gaur bertan zabaldu dute. Kimi Raikkonen, 2007an Ferrarirekin munduko txapeldun izan zena -eta gaur egun arte taldearen azken munduko txapelduna- Lotus taldearekin itzuliko da 1 Formulara. Ferrarik 2009aren amaieran kontratua eten zion Fernando Alonsori tokia egiteko, baina aldaketa horrek ez ditu espero ziren emaitzak eman. Raikkonenek rallyetara jo zuen, plazer soilagatik, eta NASCAR serieetan (pick-up kamioietan eta Nationwide bigarren mailako autoetan) lasterketaren bat ere korritu izan du. Emaitzak ez dira azpimarragarriak izan, ordea.
Raikkonenek berak aitortu duenez, hasieran 1 Formula nekatuta utzi zuen, baina itzultzeko irrika berreskuratu du: "Zoratzen nago bi urteren ostean 1 Formula itzultzeagatik, eta Lotus Renault GPri eskerrak eman behar dizkiot aukera hau eskaintzeagatik. Munduko Rally Txapelketan pasatako denbora esperientzia baliagarria izan da nire gidari ibilbidean, baina ezin dut ukatu 1 Formularako gosea jasanezina izan dela".
Ez omen du zailtasun askorik izan erabakia hartzeko orduan: "Aukera erraza zan Lotus Renault GPrekin itzultzea, taldearen anbizioarekin txundituta gelditu bainaiz. Orain taldea lehen lerroetara bultzatzeko gogoz betea nago".
Taldearen jabe den Gerard Lopez-ek Renaulten aro berri baten hasieran kokatu du fitxaketa: "Urte osoa daramagu esanez gure taldea aro berri baten hasieran dagoela. Atzealdean lana gogotik egiten aritu gara egitura sendo baten oinarriak eraikiz, laister goiko mailan berriro lehian ariko ginela ziurtatzeko".
Oraindik izango omen dira berri gehiago: "Kimik gurekin itzultzeko hartu duen erabakia oraindik ere lehiakorrago bilakatuko gaituen iragarpen sorta baten lehena da. Zalantzarik gabe, munduko txapeldun batekin lan egiteko gogotsu gaude. Gure lantaldearen izenean Enstone-ra ongietorria eman nahi diot Kimiri, 1 Formula giza ikuspegitik jorratzen duen lekura".





