Zergatik Bugattiko bihurgunea?
Euskal Herrian 1 Formula urrun ikusten badugu ere, Lasarteko zirkuitua munduko garrantzitsuenen artean zegoen 1920ko hamarkadan, baita 1930 hasieran ere. Espainiako Gerra Zibilak eten arte, marka ezagunenak Gipuzkoara zetozen beren gidari onenekin. Haren ondotik saiakerak egin badira ere "Zumaiako zirkuituaren proiektua, eta Bilboko kale zirkuitua-, 1 Formula ez da inoiz itzuli.
Hala ere, Lasarteko zirkuituak bere arrastoa utzi zuen, batez ere marka batekin. Bugatti etxearen garaipenek bertakoen artean mirespen berezia sortu zuten, eta horren aztarna oraindik bistakoa da Lasarte eta inguruetan. Nahiz eta zirkuituko bihurguneek ez zuten izenik, Bugattiko bihurgunea esaten zaio hipodromoko ezkerraldeari. Gaur egun ere, Bugatti hura gogoan, N-1 errepidean, Lasarten, MerkaBugati izeneko merkataritza gunea dago.

Orduz geroztik ez dira Bugatti, Ferrari edo Hispano Suiza autoak berriro lehiatu euskal lurrean, baina oraindik haiek eta haien ondorengoen pausoak jarraitzen ditugu. Bugatti ere ez dago 1 Formulan, baina Lasarterekin izan zuen harremana ez zen amaitu lasterketekin. Hemen ere bizirik dirau Bugattiren urdinak.