Edukira joan

Publizitatea

Top 8

Alain Prost

Alain Prost

Fitxa

Izena: Alain Prost

Jaioterria: Saint-Chamond, Frantzia (1955-02-24)

Urteak 1 Formulan: 1980 - 1993

Munduko txapelketak: 4 (1985, 1986, 1989, 1993)

Lasterketak: 202

Sari nagusiak: 199

Garaipenak: 51

Podiumak: 106

Poleak: 33

Sari nagusian buruan: 84

Lehen lerroan: 86

Itzuli azkarrak: 41

Metatutako puntuak: 798

Itzuliak: 10540

Itzuliak buruan: 2684

Kilometroak: 48971

Kilometroak buruan: 12481

Michael Schumacher eta Juan Manuel Fangioren atzetik, Alain Prost da 1 Formulako gidari sarituena. Goi mailakoa izanagatik, ez du beste askoren txoko berdina oroimenetan. Alain Prosten izena ezin da banatu Ayrton Sennaren izenetik, bien artean sortu zen lehiak handitu egin baitzuen 1 Formularen oihartzuna, batzutan kirolaz kanpoko istiluekin.

Guztira 51 Sari Nagusi irabazi zituen bere 1 Formula karrerak iraun zuen bitartean. Fangio bezala, berandu hasi zen automobilismoa dastatzen, baina hura baino lehenago iritsi zen 1 Formulara, oso azkar egin baitzuen gora kategoria desberdinetan. Hamalau urterekin hartu zuen lehenengoz kart baten bolantea, urtebetetze festa batean. Bederatzi urte geroago McLaren autoarekin egin zuen debuta 1 Formulan. Zalantzarik gabe, taldeko arduradunek zerbait berezia ikusi zuten 25 urteko mutiko gazte harengan, bapatean goi mailako auto baten eserleku eskeintzeko. Piska bat Lewis Hamiltonekin berriki egin duten moduan.

Baina McLarenekin ezkontzak ez zuen denbora asko iraun, urte amaieran Renault-era alde egitea erabaki baitzuen. Izan ere, McLarenekin lehen urtean istripu asko izan zituen, haietako batzuk nahiko zitalak, eta ez zegoen gustora taldeak istripu haien erantzukizuna berari botatzeaz. Talde aldaketak on egin zion, etxean erosoago sentitzen zelako. Rene Arnoux frantziarra zuen taldekide, baina hasieratik erlazio zaila izan zuten, Prost hura baino azkarragoa zelako.

Denboraldia ez zuen ondo hasi, baina azkenean iritsi zen bere lehen garaipena, Suitzan korritutako 1981eko Frantziako Sari Nagusian. Ondoren beste bi lasterketa ere irabaziko zituen, eta bosgarren amaitu zuen denboraldia. Hurrengo urterako, Arnoux-ek taldea utzi zuen eta Prostek nahierara zuen bere ingurua. Horrela, emaitzak ere hobeak izan ziren eta bigarren amaitu zuen txapelketa, Nelson Piquetek bi puntu atera baitzizkion. Galdu izanak baino gehiago, nola galdu izanak mina eragin zuen Prost-Renault bikotean. Ia denboraldi osoa buruan izan eta gero, azken karreratan gainditu zituen Piquet-ek.

Prostek taldeari bota zion errua, autoa behar adina ez garatzea egotzita. Taldeak, aldiz, Prost egin zuen gaitz guztien errudun, hala denboraldia bukatu eta bi egunera bota egin baitzuten. McLaren taldearekin sinatu zuen berehala, eta Frantziatik alde egin.

McLaren taldean Nicky Lauda izan zuen taldekide, eta 1984an bigarren amaitu zuen haren atzetik, puntu erdiagatik titulua galduz. Baina ondorengo urtean amaitu zen bere lehortea, eta bost lasterketa irabazita bere lehen titulua poltsikoratu zuen. Goitik behera dominatu zuen urtea, bigarren izan zen Michele Alboreto 23 puntura utzi baitzuen. Nicky Laudak erretiroa hartu zuen eta 1986rako Keke Rosberg fitxatu zuen McLarenek.

Finlandiarra ez zen inolako oztopo izan Prostentzat, baina bai ordea Williams-Honda auto indartsua gidatzen zuten Piquet eta Mansell. Txapelketak azken honentzat zirudien Australian korritu zuten urteko azken lasterketan, baina gurpil leherketa famatua sofritu eta istripu larria izan zuen. Williams taldeak, badaezpadako neurri gisa, Piquet deitu zuen pneumatikoak aldatzera. Horrela lortu zuen bere bigarren titulua, eta horrela galdu zuten Mansellek nahiz Piquetek.

McLarenek ez zuen autoa asko garatu 1987an, eta Williamsek eraman zuen titulua. Prostek argi zuen McLarenek Honda motore indartsuak behar zituela berriz irabazteko, eta operazio hori Senna taldean izanda errezagoa izango zela uste zuen. Horregatik sinatu zuen taldeak Senna 1988rako. Baina Prostek aurkaria ekarri zuen etxera, eta lehen urtean brasildarrak irabazi zion. Hor hasi zen bien arteko lehia, eta Prost-i FISAko (gaur egun FIA) presidente Jean Marie Balestreren babesa jaso izana leporatzen zioten.

Uste hori 1990eko titulua erabaki zen moduak sendotu zuen, Japonian Prost eta Sennak elkar jo zutelako. Lasterketa Sennak irabazi zuen, baina FISAk garaipena kendu zion, eta hala Prostek bere hirugarren titulua lortu zuen. Hala ere, McLaren taldea Sennaren aldekoa zen eta Prostek Ferrarira egin zuen ihes, eta 1990an oso txukun aritu zen. Titulua berriro ere Japonian erabaki zen, bien arteko kolpe batekin. Orduan biek amaitu zuten hondarrean, eta titulua Sennari eman zioten.

Prostek Ferrarin jarraitu zuen 1991an, baina autoa oso mantsoa zen eta denboraldia amaitu aurretik taldetik joan zen, mundu guztiarekin haserre. Urte bete geldirik eman zuen, berriro 1993an itzuli aurretik. Momentu auto eta motorrik onenarekin itzuli zen, Williams-Renaultekin, eta taldekide hasi berri batekin. Izan ere, Mansellek behar zuen taldekide, baina Prost taldera zihoala jakin zuenean, CART era egin zuen alde. Prosten kontratuan klausula bat ere bazegoen: Sennak ez zuela berarekin batera talde hartan korrituko. Guztia alde jarri zioten, eta erraz irabazi zuen, Portugalgo Sari Nagusian bere laugarren titulua poltsikoratuz.

Alain Prostek gidari bezala hor amaitu zuen bere karrera, baina taldeko nagusi modura jarraitu zuen, 1997an Ligier taldea erosita. Hala ere, bere gidaritzapean, taldeak ez zuen ezer aipagarririk egin, eta 2002an desagertu zen, 30 milioi euroko diru zuloa utzita.