Edukira joan

Publizitatea

Top 8

Ayrton Senna

Ayrton Senna

Fitxa

Izena: Ayrton Senna

Jaioterria: Sao Paulo, Brasil (1960-03-21)

Urteak 1 Formulan: 1984 - 1994

Munduko txapelketak: 3 (1988, 1990, 1991)

Lasterketak: 162

Sari nagusiak: 161

Garaipenak: 41

Podiumak: 80

Poleak: 65

Sari nagusian buruan: 86

Lehen lerroan: 87

Itzuli azkarrak: 19

Metatutako puntuak: 614

Itzuliak: 8219

Itzuliak buruan: 2987

Kilometroak: 37934

Kilometroak buruan: 13676

Ayrton Senna brasildarrak errekor asko hautsi zituen 1 Formulan, baina gehienak ondoren etorri diren gidariek hautsi zituzten. Baina errekor baten jabe da oraindik: lasterketa batean hil den azken gidariarena. Sennak gauza asko lortu zituen 1 Formulan eman zituen hamaika urteetan, baina zer gehiago egin zezakeen airen gelditu zen, 1994ko maiatzaren lehenean bizia galdu zuenean.

Brasilen hasi zuen bere kirol ibilbidea, baina Formula autoetara jauzia emateko ordua iritsi zenean, Ingalaterrara joatea erabaki zuen. Bertan kategoria guztietan irabazi zuen, eta azkenean 1984an Toleman taldearekin fitxatu zuen. Talde garrantzitsuekin egin zituen probak, nolanahi ere. Baina hasteko talde xumea aukeratu zuen, nahiz eta gerora Toleman taldea Benettonek erosiko zuen.

Lehen urtean lasterketa gogoangarria izan zuen Monacon. Euria ari zuen barra-barra eta oso baldintza txarrak zeuden lasterketa egiteko. Egoera horretan, Sennak hamairugarren postutik aterata, banan bana gidari guztiak aurreratu zituen, Alain Prost izan ezik. Eguraldiak okerrera egin zuen, eta Prostek lasterketa gelditzeko keinuak egiten zituen etengabe. Azkenean, lasterketa zuzendariak distantzia erdia osatu zenean amaiera ematea erabaki zuen, segurtasun neurri gisa. Sennaren lehen erakustaldia izan zen, euripean.

Denboraldia amaitu aurretik, bi aldiz amaitu zuen podiumean, eta emaitza horiek ez ziren ezkutuan gelditu talde handiagoentzat. Hurrengo urtean Lotus talde mitikoarentzat korritu zuen, Renault motorrekin. Renault-ek asmatu zuen turbo teknologia urte batzuk lehenago, eta Sennak oso gustoko zituen motor indartsuak. Hala, Lotus taldearekin hasi zuen bere 65 pole-ko marka mitikoa, gero Schumacherrek gaindituko zuena. Taldearekin bigarren lasterketan bere lehen polea iritsi zen, Portugalen, eta lasterketa berean garaipena. Euripean, noski. Bigarren izan zen Michele Alboretori minututik gora atera zion.

Lotusekin urte onak igaro zituen, garaipenak lortuz eta autoan teknologia berriak estreinatuz. Esekidura aktiboa sartu zuen taldeak 1987an, eta horri esker lortu zuen garaipena lurzoru petralena zuten bi lasterketetan: Monacon eta Detroit-en, biak ere hiri barruko zirkuitoak. Gainera, Detroiteko garaipen hori, Lotus taldeak 1 Formulan lortutako azkena da. Sennak taldea utzi zuen hiru urteren ondoren, eta hortik aurrera Colin Chapman historikoaren taldeak gainbehera egin zuen. Izan ere, Sennak McLarenekin fitxatu zuen, eta Hondak harekiko zuen begirunea zela eta, berarekin batera mugitu ziren.

Lehen aldiz talde garaile batean zegoen, motor garaile batekin. Baina alboan, gidari garaile bat topatu zuen: Prost. Hasieratik erlazioa zaila izan zen bien artean, eta garajean banaketa sortu zen. Iritsi eta lehen urtean Sennak titulua irabazi zuen, inolako istilurik gabe. Baina hurrengo urtean bien arteko tentsioak gora egin zuen, eta une zailak pasa zituen Ron Dennis nagusiak. Hark gustokoago zuen Senna, baina Prost ere miresten zuen, eta zuen une gozorik pasa. Bi gidariok elkarren aurka aritu ziren askotan, eta karrera aurretik adostutakoa ere ez zuten betetzen: Imolan, 1989an, lehen bihurgunera aurreneko postuan iristen zenari, postu errespetatuko ziotela adostu zuten. Prost iritsi zen aurrena, baina Sennak aurreratu egin zuen ondoren.

Urte hartan Prostek eraman zuen titulua, Senna Japoniako lasterketatik kanporatu baitzuten, bien artean izandako istripuaren ondotik. Hortik aurrera ezinikusia sortu zen bien artean, eta Sennak jarraitu zuen taldean; Prostek Ferrarin topatu zuen lekua. Une horretan etorri ziren Sennaren urterik onenak, 1990 eta 1991ko txapelketak irabazi baitzituen, Hondarekin. Bere hiru tituluak McLaren-Honda autoekin lortu zituen, eta horregatik lotura oso estua mantendu zuen beti bai McLarenekin, eta baita Hondarekin ere.

Hondak harekin kontatzen zuen bere kaleko autorik azkarrenak garatzeko, eta Sennak ere estimu handia zien. Hala ere, Hondak 1992 amaieran 1 Formula uzteko asmoa agertu zuen, eta McLaren motorrik gabe gelditu zen 1993rako. Sennak ere, egoera argi ikusten ez zuenez, oso berandu erabaki zuen bere partehartzea. Azkenean, lasterketa bakoitzeko kontratua sinatuz osatu zuen denboraldia McLaren-Ford-ekin, baina ezin zuen ezer egin Williams-Renault autoa gidatzeko itzuli zen Alain Prosten aurrean. Hala ere, bere bizitzako denboraldi txukunenetakoa egin zuen, bost garaipen lortuz, eta txapelketan bigarren amaituz. Urte hartakoa da Europako Sari Nagusian eman zuen erakustaldia, Donington-en.

Hurrengo urtean, Prostek erretiroa hartu zuen, eta Sennak aspalditik zuen helburua bete zuen, Williams-Renault taldearekin fitxatuz. Garailea zen, eta irabazteko behar zena egiteko prest zegoen. Denboraldia ez zen ondo hasi; pole guztiak bereganatu bazituen ere, lasterketarik ez zuen amaitu. Imolan egoerari buelta eman nahi zion, baina lasterketako bosgarren itzulian, autoak kontrola galdu eta bizia galdu zuen Tamburello bihurgunean.

Istripuak oraindik eta gehiago handitu zuen Senna mitoa. Istripu horren arrazoiak ez dira inoiz erabat argitu, baina jarraitzaile gehien dituen hipotesia direkzio barraren haustura da.