Edukira joan

Publizitatea

Top 8

Jack Brabham

Jack Brabham

Fitxa

Izena: Jack Brabham

Jaioterria: Hurstville, Sydney, Australia (1926-04-02)

Urteak 1 Formulan: 1955 - 1970

Munduko txapelketak: 3 (1959, 1960, 1966)

Lasterketak: 128

Sari nagusiak: 126

Garaipenak: 14

Podiumak: 31

Poleak: 13

Sari nagusian buruan: 28

Lehen lerroan: 38

Itzuli azkarrak: 12

Metatutako puntuak: 261

Itzuliak: 6163

Itzuliak buruan: 825

Kilometroak: 32787

Kilometroak buruan: 4541

Jack Brabham Australian ari zen lanean, hango Aire Indarreko mekaniko moduan, baina afizioa sakona zen eta auto txikikekin lehiatuz hasi zen. Baina automobilismoan gora egin nahi zuten guztiek bezala, Ingalaterrara joan behar izan zuen. Bertan Cooper Cars konpainiaren parte bilakatu zen, batetik autoak eraikiz eta bestetik haiekin korrituz.

Brabhamek egin zuen aurrerakuntza nagusienetakoa ez zen gidari modura, baizik eta ingeniari modura. Motorea gidariaren aurretik kendu eta haren atzera eraman zuen. Honek pisu banaketa egokiagoa ahalbidetzen zuen, eta lehen karreratan zorterik izan ez bazuen ere, denborak erakutsi du zeinen asmakuntza handia izan zen. Izan ere, Jack Brabham da titulua motorearen kokapen horrekin irabazi zuen lehen gidaria, 1959an.

Baina Brabhamek interes handiagoak zituen, eta Cooper taldearekin nahi adina aurrerakuntza egiteko askatasunik ez zuenez, Ron Tauranac lagunarekin batera talde propioa eratzea erabaki zuen. Hasieran kaleko autoak oinarritzat hartu eta haiek hobetzen zituen, baina argi zegoen azken helburua lasterketa autoak egitea zela. Hala ere, 1960an Cooper autoa gidatuz, bere bigarren tituloa lortu zuen.

Biek Motor Racing Developments (MRD) sortu zuten, baina bitartean Brabham-ek Cooper autoak gidatuz jarraitu behar zuen. Bien bitartean, Ferrari eta Lotus bezalako talde indartsuek motorea atzean jartzeko ideia kopiatu zuten. Brabhamek ez zuen emaitza onik lortzen, 1961an lau puntu bakarrik lortu baitzituen. Horregatik 1962an bere taldea eratu zuen, Brabham Racing Organisation deitua. Haren autoak, nola ez, MRDk eraikitzen zituen.

Araudian aldaketak izan ziren, eta motoreen ahalmena 1500cc-ra jaitsi zenean, Brabham auto egokirik gabe geratu zen. Zulo hortatik ateratzeko dirua behar zen, baina Brabhami kosta egiten zitzain dirua xahutzea, eta taldekideek hori leporatzen zioten. Poliki, bere gidari lana alboratu eta zuzendaritza lanetan murgildu zen gehiago. Haren tokia beste gidariek hartzen zuten.

Baina 1966an araudia berriro aldatu eta 3 litroko motoreentzat tokia egin zuten 1 Formulan. Motore berri hauek ez ziren batere sendoak, eta guztiak 12 zilindrotan oinarrituak ziren. Orduan konbentzitu zuen Brabhamek Australiako Repco konpainia beretzat motore bat sor zezaten. Hauek ez zuten esperientziarik, baina Brabhamek Oldsmobile motore bloke batzuen berri zuen, aluminiozkoak, eta haien inguruan lan egitea proposatu zion Repcori. Bazekien potentzia aldetik ezingo zela garaile izan, baina arintasunak bere abantaila ukaezinaik zituen.

Repco motoreak eta Brabham BT19 txasiak ondo ezkondu zuten, eta 1966ko Frantziako Sari Nagusian, Jack Brabhamek historia egin zuen: bere autoarekin lasterketa bat irabazten zuen lehen gidaria bilakatu zen. Garaipen hura ondoren erreskadan etorriko ziren beste hiruren aurrekari izan zen. Titulua irabazi zuen urte hartan, eta hori ere errekor izan zen.

Hurrengo urtean, titulua Brabhamek eraman zuen berriro, baina taldeko nagusi bezala soilik, gidarien titulua bere taldekideak irabazi baitzuen. Jack Brabhamek sendotasun gutxi izan zuen bere autoan, seguruenik pieza berriak berak probatu nahi izaten zituelako beste inork baino lehen.

Hortik aurrera, emaitzak ez ziren goi mailakoak izan. Istripu serioa izan zuen 1969an, eta emazteari zin egin zion urte amaieran utziko zuela 1 Formula. Hala ere, 1970rako ez zuen gidaririk topatu bere auto bat gidatzeko, eta berak parte hartzea erabaki zuen. Ondoren, erabat utzi zuen automobilismoa, eta Australiara itzuli zen.