Edukira joan

Publizitatea

Top 8

Michael Schumacher

Michael Schumacher

Fitxa

Izena: Michael Schumacher

Jaioterria: Hürth-Hermülheim, Alemania (1969-01-03)

Urteak 1 Formulan: 1991 - 2006

Munduko txapelketak: 7 (1994, 1995, 2000, 2001, 2002, 2003, 2004)

Garaipenak: 91

Podiumak: 154

Poleak: 68

Itzuli azkarrak: 76

Michael Schumacherrek ezohiko moduan ekin zion 1 Formulari. Mercedes etxearekin kontratua zuen Sport Prototypes kategorian, baina Jordan-Ford taldeko Bertrand Gachot belgiarrak justiziarekin arazo bat izan zuenean, Schumacher sartu zen taldean, Mercedesek ordainduta. Belgikako Sari Nagusia zen 1991an, eta zazpigarren postuan sailkatu zen, taldearen emaitza onena berdinduz. Hurrengo lasterketarako Benettonek fitxatu zuen.

Talde horretan egin zen 1 Formulako gidari, beti Flavio Briatoreren babesean. Italiarra berehala ohartu zen Schumacherren balioaz, eta beste kasu batzuetan bezala, hura fitxatu zuen kosta ahala kosta. Alemaniarrak emandako emaitzek arrazoia eman zioten Briatoreri, denboraldia bukatzeko falta ziren bost lasterketetan Nelson Piquet taldekidearen mailan aritu baitzen. Ezin ahaztu Piquet munduko txapeldun izana zela hiru aldiz.

Schumacherrek Benetton taldearen gidaritza hartu zuen hortik aurrera, modu naturalean. Baina berehala gelditu zen agerian gidari autoritarioa zela, ingurua bere erara moldatzea exijitzen zuena. Eta emaitzak etortzen hasi ziren, garaipen modura. 1992an Belgikan irabazi zuen, bere lehen garaipena. Ondoren beste beste laurogeita hamar etorriko ziren, inork inoiz gaindituko ez duena.

Bere lehen titulua 1994an etorri zen, modu nahiko istilutsuan. Horrek ere definitu du Schumacherren karrera osoa: iskanbilak. Urte hartan Ayrton Senna eta Michael Schumacherren artean erabakitzekoa zen txapelketa, elektronika asko kendu zuten garaian. Williams taldeak nagusitasuna galdu, eta Benetton indartu egin zen. Senna hirugarren lasterketan hil zen, eta Schumacher hasi zen guztia irabazten. Baina FIAk zenbait trikimailu atzeman zizkion eta zigortu egin zuen. Azken lasterketan erabaki zen guztia, eta Schumacherrek Damon Hill-i bidea itxi bazion ere, bien erretiratzeak alemaniarrari eman zion titulua.

Hurrengo urtean erraz nagusitu zen, baina jauzi bat eman nahi, eta zailena aukeratu zuen: gainbehera zetorren Ferrarirekin fitxatu zuen. Hastapen zailak izan ziren, eta 1996aren hasieran autoa ez zen lehiakorra. Hala ere, aurrera egin eta hiru lasterketa irabazi zituen urtea amaitzerako. Hala, 1997an Xerez-en erabaki zen titulua, orduan ere urteko azken lasterketan. Eta orduan ere kolpe batekin amaitu nahi izan zuen, baina orduko hartan ez zitzaion berdin atera: Villeneuvek aurrera segitu ahal izan zuen eta titulua eraman.

Schumacherrek ondoren onartu zuen, hala ere, bere aurkari nagusia Mika Hakkinen izan zela. Finlandiarrarekin izan zituen lehia itxienak, eta haren aurrean galdu zuen bitan titulua. Hala ere, 1999an istripu larria izan zuen Silverstonen, eta urte amaieran bakarrik itzuli zen. Baina itzulera ez zen nolanahikoa izan; 2000 urtean gidarien titulua irabazi zuen Ferrarirekin, Jody Scheckter-ek lortu eta 19 urtera. Hori eta gero, 2004a arte guztia irabazi zuen Schumacherrek, eta errekorrak txikituz joan zen: pole position-ak, munduko tituluak, lasterketa kopurua, podiumak...

Urte txarra izan zen 2005a beretzat, Bridgestonek ez zuelako asmatu lasterketa osoa iraun behar zuen pneumatikoa garatzen. Baina 2006an indartsu itzuli zen, eta denboraldiaren bigarren zati sendoari esker, bere zortzigarren titulua eskura zuela zirudien. Hala ere, Alonsok lehen postua mantendu zuen eta Schumacherren erretiratzea ez zen titulu batekin gertatu.